XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hera, Zeusen arreba eta emaztea, Olinpoko erregina eta anderea zen.

Lehentxoago aipatu dugu pertsonaia garrantzitsu honen izaera jeloskor eta mendekuzalea. Zeusen ondorik ibiltzen zen etengabe, desleialtasunen zigorra emateko. Mendeku hartu nahi zuen senarraren maitale guztien aurka, jainkosa zein emakume hilkorrak izan. Harreman horietatik jaiotako semeak ere (Herkules, Dioniso...) ezkerreko begiaz begiratzen zituen.

Hebe, gaztetasunaren jainkosa, Zeus eta Heraren alaba omen zen; orobat, bion seme-alabatzat hartzen dira Ares (Marte) eta Hefesto (Vulkano), nahiz eta azken hori Zeusen semea ez, baizik eta Herarena berarena soila den, jainkoaren partehartzerik gabe sortua.

Herak ere izan zituen miresle adeitsuak. Kontu horrek ikaragarri atsekabetzen zuen Zeus, eta emazteak berarekin hartzen zuen jarrera berbera hartzen zuen: Hera maitasunez begiratzera ausartzen zen edozein pertsonaia, gizaki edo jainko izan, jazarri eta zigortu egiten zuen harrapatutakoan.

Adibidez, Ixionek Zeusek ezarritako zigorra pairatu behar izan zuen: Heraz maitemindu zelako, infernuetan biraka dabilen gurpil batera lotu zuten betiko.

Kultura klasikoa

Erlijioa zibilizazio grekolatindarrean

Greziarrek eta erromatarrek jainko anitz gurtu eta errespetatzen zituzten. Oso ongi pentsatutako erlijio-antolakuntza zuten. Eskema horren arabera, edozein fenomeno azaldu eta jainko-jainkosen babesa bilatzen zuten bizitzako arlo guztietan.

Erlijio-alderdiak; Erlijio-jaiak; Erlijio-ospakizunak; Oinarrizko ezaugarriak

- Otoitz edo eskariak. Ekintza horietan, mesede bat lortzearren, opariak aurkezten zitzaizkien jainko-jainkosei. Opariak aldarean isuri (ardoa, esnea) edo utz zitezkeen (opilak edota beste opari solido batzuk).

- Sakrifizioak. Akatsik gabeko abereak hiltzen zituzten jainko-jainkosei eskaintzeko.

Jainko bakoitzari animalia jakin bat zegokion. Hekatonbe izeneko sakrifizioan 100 idi oparitzen ziren; zintzurra moztuta hil ondoren, oso-osorik kiskaltzen ez zirenez, oturuntza batean jaten ziren. Aldiz, erabat kiskali eta haragia ezin aprobetxa zitekeenean, holokausto deitzen zitzaion sakrifizioari.

- Garbikuntza. Urez egiten zen, batez ere pertsona baten jaiotza edota heriotzaren ostean.

Aurrekoez gain, eta normalean aldi berean, literatur lehiaketak burutzen ziren eta poemak irakurtzen ziren musikaz lagunduta; antzerki-emanaldiak eta jokoak, eta kirol-txapelketak ere ospatzen ziren.